
Zein ordu daukazue bertan?
Itziar: kar, kar, kar, oso galdera ona! Hemen ordu bat gehiago, hamarrak dira!
Zelan zaudete une honetan?
Nae: Oso galdera konplexua da, alde batetik, tentsioan, urduri, azken egunotan jasandako erasoak direla eta, eta bestetik, gogotsu, animatuta eta hasierako ilusioari eusten diogu. Ni neu, adibidez, indartsu nago eta une honetan ez dut beste inon egon nahi, inolaz ere ez. Nahi dudan eta aukeratu dudan lekuan nago eta ez nuke aldatuko. Egia da oso une bereziak eta gogorrak bizi izan ditugula baina hemen, ontzietan, elkartasuna nagusi da eta familiakoengandik urrun sentitu arren, besarkadak bertan jasotzen ditugu, familia txikia osatu dugu. Elkartasunak batu gaitu eta gure arteko giroan sumatzen da.
Zerk bultzatu zaituzte abentura honetan sartzera?
Nae: Gure helburu nagusienak Gaza eta Palestinaren aurkako genozidioarekin amaitzea, setioa apurtzea eta itsas korridore bat zabaltzea dira. Herri palestinarra jasaten ari den erasoaldia eta gosetea ikusarazi ez ezik, mundu mailan protestan ari zareten guztion bozgorailua ere izan nahi dugu. Badakigu Palestinaren aldeko elkartasun oldea gero eta zabalagoa dela, herriz herri protesta eta ekintza ugari antolatzen direla. Ekimen honetan parte hartu ahal izateagatik, benetan oso pribilegiatuak sentitzen gara, ohorea da eta oso harro gaude. Denok daukagu zer eginik, zuek ere gazteok protesta ekintzetan parte hartzera, salatzera gonbidatzen zaituztet, genozidioarekin buka dezagun, ondorengoei mundu hobea utz diezaiegun. Horretan ere denon ardura dela sentitzen dugu, zelan ari gara mundua uzten?
Noiz helduko zaretela uste duzue?
Itziar: Oso astiro ari gara, 50 bat itsasontzi gara eta denetarik dago, batetik, badira berriagoak edo modernoagoak eta bestetik, zaharragoak direnak. Denok batera joatea da kontua, beraz, traketsenari ere itxaron behar diogu eta benetan traketsa da, oso zaharra, horixe da astiro joatearen arrazoia. Gure kalkuluen arabera, astebete barru helduko gara, dena ondo bidean.
Zein motatako laguntza humanitarioa daramazue?
Itziar: Bertan falta dituzten elikagaiak eta botikak daramatzagu, lehen esan bezala, itsas korridore bat zabaltzeko asmoa dugulako. Hori posible den neurrian, palestinarrei eman ahal izateko hain beharrezko dituzten elikagai eta botikak.
Zer sentitzen da familia eta ingurukoengandik horren urrun?
Itziar: Beno, ez darogu horrenbeste denbora kanpoan, abuztuaren 31n irten ginen Bartzelonatik, hilabete pasa da, ez dugu faltan botatzeko denborarik izan. Hala ere, egunero deitzeko aukera daukagu, bai, une oro harremanetan gaude eta horrela badakite ondo gaudela.
Zelan egin zenieten aurre izandako erasoei? Beldur handia sentitzen duzue?
Nae: Orain arte hiru eraso jasan ditugu, hala ere, ondo gaude eta kalte txikiak izan dira. Albiste ona zein da? Ba, aurrera egin dugula eta ez dela inor zauritu. Duela pare bat egun gauez eraso gintuzten, droneak jaurtiz. Bolbora usaina sentitu ahal izan genuen, tentsio uneak bizi izan genituen baina tinko jarraitzen dugu. Beldur gara, jakina, baina umorearekin kudeatzen saiatzen gara. Israelgo gobernuak mehatxu egin nahi digu baina gu gogotsu gaude eta ez dugu etsiko.
Zenbat herritako kideak zaudete ontzietan?
Itziar: Herri askotakoak, 44 herrialde baino gehiagoko ekintzaileak gaude, beraz, imajinatuko duzuenez, hizkuntza asko eta asko entzuten dira, euskara, ingelesa, frantsesa, arabiera, italiera, gaztelania....Batzuetan, ahal dugun bezala komunikatzen gara. Ni nagoen itsasontzian, adibidez, euskaldun bakarra naiz, beraz, gure artean ingelesez edo frantsesez hitz egiten dugu. Badago neska bat, frantsesez edo ingelesez ez dakiena, bada, berarekin keinuz egiten dugu.
Zer jaten duzue egunerokoan?
Itziar: Tunezetik hozkailurik gabe gaude, beraz, hotzik ezertxo ere ez. Iraungitze datarik gabekoak ditugu, latak. Arroza, pasta eta horrelakoak jaten ditugu, baina ondo gaude. Janaria ez da gure kezkarik handiena, argi dago.
Nae: Gure ontzian beganoak eta begetarionak gara, beraz, horrelako elikagaiak ditugu. Hori bai, sare sozialetan eta elikagairik ez erakustea adostu genuen, Gazan eta Palestinan jasaten ari diren gosetea kontuan hartuta, elkartasunez.
Zein da gaur gaurkoz Gazako egoera?
Nae: Gaur egun munduan gerra asko dira eta denak ez dira komunikabideetan irteten. Une honetan, Gazakoa larrienetakoa izan daiteke, krudelkeria handia da. Ez dago zalantzarik, aditu gorenen arabera eta Nazioarteko Giza Eskubideen arloko erakunde nagusien arabera, Israelgo estatua Apartheid erregimena da eta bere garbiketa etnikoko politikak gizateriaren aurkako Lesa Krimenak dira.
Gaur egun Gazako lurra ia dena suntsituta dago, ia biztanle gehienak lekualdatu dira Israelgo erasoetatik babesteko, egunero ikusten dugu milaka eta milaka hildako izan direla, horietatik gehienak haurrak eta emakumeak. Setioaren ondorioz, ez daukate ez elikagairik, ez ur edangarririk ez mediku arretarik. Israel Gazako kazetariak hiltzen ari da, hau guztiaren berri eman ez dezaten. Egoera benetan latza da.
Bukaera aldera, Itziar ontzian barna ibili da itsasontzi “pirata” ikus dezagun, bai kanpotik bai barrutik. Tarteka bertako kideak agurtzeko aukera izan dugu, galiziarra, senegaldarra, holandarra.... Irrifartsu eta umorez daudela ikusi ahal izan dugu. Horrela agurtu dugu elkar, esperientzia benetan hunkigarria izan da eta oso eskertuta gaude. Gutako batzuk oso harro sentitzen gara, horrelako pertsona konpremetituak izateagatik. Gazara bidean onik iristea eta helburua betetzea opa diegu, bihotz bihotzez. Inshallah!!