A ze egun handia urriaren 19koa!

Ikastolako 1. promozioko ikasleek 50 urte bete dute!

irudia

Gaurkoa ospakizun egun berezia da, bateratze egun handia. Izan ere, hemen biltzen garenon, eta arrazoi desberdinengatik hona etortzerik posible izan ez dutenen artean, Aresketa Ikastolako bizitzaren zati bat osatzen dugu. Familia handi baten partaide gara, anitza eta desberdina eta horrek beti poztu eta aberastu izan gaitu, familia hau bizirik dagoenaren seinale delako eta horrela jarraitu nahi dugulako. Bizirik. Guregana hurbiltzen den ororekin biharko ikastola eraikitzen eta biharko Amurrio eraikitzen. Eta… Euskal Herriko familiok ondo dakigun bezala, egun bereziak ospatzeko zer hoberik bazkari eta jai inguruan elkartzea baino?

Bai, egun berezia dugu honakoa, Amurrioko Ikastolako 1. promozioko ikasle ohiek 50 urte bete dituztelako eta aitzaki borobila iruditu zaigu topagune hau burutzeko. Hala ere, gaurkoan, ospatzeaz gain, gure begirada 50 urte atzera egiteko unea ere bada. Begiak itxi eta atzera joan, atzera, oraindik atzerago…Orduko Amurrio eta gaur egungoa oso desberdinak dira baina ziur funtsezko kontu batzuetan garai hartako gurasoek eta gaur egungoek bat egingo luketela. Ala ez?... Orduko gurasoek ere euren seme-alabentzako bizi proiekturik onena nahi zuten baina ez, ordea, ordura arteko Espainiar estatuko eskola nazionaletan jarduten zen hezkuntza ereduan hezi eta haztea. Beste habi bat amesten zuten euren txoritxoentzat. Guraso ameslari horiek ere, garai zail haietan, elkartu eta euren ametsa egi bihur zedin lan eta borrokatu zuten.

 



 

irudia
irudia

Ez ziren bakarrik, ordea. Alboan proiektu berri hori martxan jartzeko profesionalak ere han zeuden, gure betiko andereñoak eta maisuak, denak elkarrekin eskutik helduta. Baina zergatik eta zertarako sortu zen IKASTOLA? Aukera zuten eskola orduez kanpoko egitasmoen bitartez helburu bera lortzea, ezta?.

 

Baina… erronka zailak gainditzea ikastolen beste ezaugarri bat denez, ameslari horiek tematu eta eskola saio soilak ez ezik, hezkuntza sistema oso eta propio baten apostua egin zuten. Apostu tinkoa, euskaldunok ohitura dugun bezala. Herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektu berri, eraldatzaile, aintzindari, iraultzaile eta euskalduna.

irudia
irudia

Ondorioz, Euskal Herriko beste txoko batzuetan bezala, argi txiki baina indartsu bat piztu zuten. Hasieran ilunpean, isilpean eta ezkutuan piztu beharreko argia baina pixkanaka-pixkanaka familia gehiago gerturatzea ahalbidetu zuen argi iraunkor bat. Urte haietan egindako lan mardula, hartutako erabakiak eta ezarritako lehen oinarriak aitortzea ezinbestekoa zaigu gaurko gure ikastola ulertu eta ezagutzeko.

 

Eskerrak ematea dagokigu lehen pauso horiek eman zenituzten partaide guztiei, zuen ausardiak honaino ekarri gaituelako eta orain guri, hemen gaudenoi, dagokigulako piztutako argi horri heltzea, gaurko eta biharko ikastolak eraikitzeko. Akaso, oraindik elkartuago, akaso oraindik indartsuago argiztea dagokigu gaur egungo garaiak ez direlako aurrekoak baino errazagoak.



 

irudia
irudia

Guri ere ametsari tinko heltzea tokatzen zaigu herritik eta herriarentzat sortutako eragile, elkarte eta ekimenetan sinesten dugun horietakoak garelako, hezkuntza proiektu sendo, zabal eta osasuntsu batean hezi eta haztea nahi dugun horietakoak garelako eta gure ama hizkuntzan bizi nahi dugun horietakoak garelako.

Horregatik, hain zuzen, Amurrion zein Euskal Herri zabalean gure lekua dugula eta izango dugula badakigu. Euskara eta euskal kulturaren transmisioaren ardatza izan gara eta izango gara, herri euskaldun batean bizitzea amesten jarraitzen dugulako.

 

irudia

Gu ikastola garelako eta gurea bereizgarria delako. Ez soilik, euskara hizkuntza gaitasunean, baizik eta ERABILERAN. Hori da hain zuzen, bereizten gaituena. Gure hizkuntza erabiltzea. Euskaraz jolastu, maitatu eta bizi nahi dugulako duela 50 urteko guraso haien ametsarekin bat eginez. Horregatik gure erroak ahaztu gabe, etorkizuna iruten joan behar dugu garai berrietara moldatuz eta etorkizuneko pertsonak hezi eta haziz denok elkarrekin arraun eginez, beste 50 urte edo gehiagorako. GU IKASTOLA garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako.

 

© ARESKETA IKASTOLA

Eskubide guztiak bere esku

Aresketa auzoa, 2 - 01470 Amurrio
E. aresketaikastola@aresketaikastola.eus | T. 945 890 360 | Ordutegia: 08:30 - 18:00
  • Ikastolen Elkartea
  • Araba Euskaraz
  • Herri Kooperatiba