2023ko Ibilbideari Elkar Saria Ikastolen ibilbideari
Elkar Fundazioa euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzeko sortu zen eta, kulturgintza guztion eginkizuna dela sinetsiz, herrian eta gizartean diharduten gizon eta emakumeen zein talde eta elkarteen, hitz batean, herritar guztion eginkizun eta erantzukizun- tzat jotzen du euskal kulturaren geroa, ez bakarrik Erakunde Publikoen ardura. Fundazioak, bere helburuak betetzeko euskal herritar guztion partaidetza bilatzen du, eta euskara eta euskal kultura sortu, garatu, zabaldu eta indartu egin nahi duten guztien lankidetza bultzatzea du helburu eta egitasmo.
Ikastolen Elkartea da 2023ko Ibilbideari elkar saria jasoko duen erakundea.
Aurreko mendeko 6oko hamarkadan, euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian, hainbat euskaltzale euskaraz ikasteko eskolak eraikitzen hasi ziren, ikastolak eraikitzen hasi ziren. Mugimendua herriz herri zabaltzen joan zen eta ikastola sare zabala eraiki zen eta Ikastolen Elkartea egituratu. Nazio mailako erakundea da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta juridikoki interes ekonomikoko europar elkarte gisa egituratua.
Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan ziren pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan. Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren bidean eta euskararen berreskurapenerakoan, beste hainbat eragilerekin batera, eta elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko.
Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, eta horretan aipatzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta elkar Taldearen artean izandako harremana, non erakunde bakoitzak bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.
Bide luzea eta ekarpen handia Euskal Herria euskalduntzeko bidean Ikastolen Elkarteak egin duena. Horregatik, bada, erabaki du elkar Fundazioak 2023ko Ibilbideari elkar Saria ematea Ikastolen Elkarteari.
© ARESKETA IKASTOLA
Eskubide guztiak bere esku
Aresketa auzoa, 2 - 01470 AmurrioE. aresketaikastola@aresketaikastola.eus | T. 945 890 360 | Ordutegia: 08:30 - 18:00